XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Orduan sorgindurik egona zen erregearen jauregira zuzendu ziren.

Eta mutilak bere behinenei Mekarako erromeria sainduan abiatzekoa zela iragarri zien.

Eta beharrezko prestaketak egin ondoren abiatu ziren hura eta erregea, honen bihotza bere herrira itzultzeko irrikan bait zegoen, urtebetea kanporaturik egon ezkero.

Joan egin ziren, beraz, erregaluez zamaturiko berrogeita hamar esklabu eramanez.

Eta gau ta egun bidaia egin zuten urtebetez, hiria agerian izan zuten arte.

Visirra bere soldaduekin erregearengana atera zen, itzuleragatik oso pozik, zeren hura berriro ez zuela ikusiko beldur zen.

Eta soldaduak hurbildu, eta haren aurrean lurrari musu eman, eta ongietorria eman zioten.

Eta bere jauregian sartu eta bere tronoan eseri zen.

Gero visirra deitu eta gertatua zitzaion guztiaz jabetu zuen.

Mutilaren istorioa visirrak jakin zuenean, bere desorginkeriagatik eta bere salbazioagatik zorionak eman zizkion.

Bitartean, erregeak pertsona asko sariztatu zuen, eta ondoren visirrari esan zion: Etor dadila beste garai batetan arrainak ekarri zizkidan arrantzale hura.

Eta hiriko biztanleen desorginkeriaren kausa izan zen arrantzaleari dei eragin zion.

Eta azaldu zenean erregeak hurbiltzeko agindu zion, eta ohorezko janzkiak erregalatu zizkion, haren bizimoduaz eta semealabarik zuenez hari galdetuz.

Eta arrantzaleak seme bat eta bi alaba zituela erantzun zion.

Orduan erregea alabetariko batekin ezkondu zen, eta mutila bestearekin ezkondu zen.

Gero erregeak arrantzalea bere ondoan gorde eta diruzain orokor izendatu zuen.

Berehala mutilaren hirira bere visirra bidali zuen, Irla beltzetan lekutua, eta irla haietako sultan izendatu zuen, emire guzti haientzako ohorezko janzkiak eramanez (...).